Vous êtes sur la page 1sur 2

LUIS MARI ZALDUA, IKUSKIZUNAREN ERAGILEA DA ANTTON JAUREGIREKIN BATERA

36ko Gerran gertatutakoaz hausnartzeko gonbidapena


Luis Mari Zaldua Etxabe, Urnietako historian aditua da, eta Marizulo zein Urnieta59 ikuskizunetan bezala, 1936 ikuskizun berriko eragile nagusienetakoa da. Aste honetako alean, ikuskizunaren eta Marizulo taldearen nondik norakoen berri emango du. Ikuskizunean jorratzen den 36ko gerraz hausnarketa kolektibo bat egitearen garrantziaz ere jardun da.
Marizulo eta Urnieta59 ikuskizunen ondoren, 1936. Zergatik hirugarren lan hau? Luis Mari Zaldua: Lehenengo, aurreko bi lanek jendearen aldetik izandako harrera oso onak indarberritu gintuelako. Urnieta59 bukatu genuenerako lan talde guztiak bazeukan beste ikuskizun bat egiteko gogoa. Bestetik, Marizulo ikuskizunean kontatzen zen Urnietako historia Gerra Zibila hasi aurreko urteetaraino, eta Urnieta59 ikuskizuna, gerraosteko historian oinarritua zegoen, 1959an hasi eta Francoren heriotza bitarte, hain zuzen ere. Gerra Zibilak hartzen duen historiaren tarte hori utzia genuen, zaila, errespetuz hartu beharrekoa eta arrisku bat ere baduena delako. Hutsune hori betetzeko geneukan premia bati erantzutera dator obra hau. Esan beharrekoa da, Urnietan, hutsune bat ikusten genuela, eta Jon Unanuek egindako lan bikaina alde batera utzita, herri bezala, Gerra Zibilean bizia galdu zuten eta jazarpena jaso zuten pertsonen oroimenez, orain arte behintzat, ez dela gauza handirik egin. Beraz, ekarpen txiki bat egiteko aukera bat bazegoela ikusten genuen, eta neurri batean behintzat, hutsune hori, edo tarte hori betetzeko esfortzua egiten zuela Marizulo taldeak lan hau eskainiz. Marizulo ikuskizunak garai luzea jorratu zen, Urnieta`59n ere, 20renbat urte xehetu ziren. Lan hau epe laburragora mugatzen denez, gehiago sakontzeko aukera eman du? L.M.Z.: Marizulo Taldeak, lan honekin, gai honi buruzko hausnarketa bat egitera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Hala ere, jorratzen den epea laburra izanagatik, guztia behar zen bezala azaltzea zaila da. Saiatu gara ahal den modurik ulergarrienean egiten. Hori bai, jakinik den dena ezin dugula kontatu. Ulergarriago egiteko, musika, antzerki eta dantzaz aparte, irudiak eta entzuketak ere izango dira. Antzerki testua prestatzeko norengana jo duzue? L.M.Z.: Iturriak hiru izan dira, batetik, Guda Zibilari buruz dagoen bibliografa, bigarrenik, Jon Unanuek Aiurrin argitaratutako artikuluak, eta hirugarrenik, edadeko pertsonekin, Juan Agirre, antzerki testuaren egileak, zuzenean garai hura bizitu zutenengandik jasotako testigantzak. Dagoeneko, gerra garai hura bizitu zuenik apenas gelditzen den. Eta ondorengoek, batez ere, etxean entzundakoaren arabera ezagutzen dituzte orduko gertaera latzak. Obra honek eskainiko dionak asebeteko al du. Alegia, benetako errealitatea, lan honek erakusten duena izan al zen, edo, horrelako ikuskizun bati gehiegi eskatzea da? L.M.Z.: Pertsonaia gehienak benetan izan ziren pertsonak dira. Eta kontatzen direnak, gehienak behintzat, benetako gertakariak dira. Jakina, antzerki lan bat izanik, badaude balaibide edo teknika batzuk, baina, neurri handi batean, benetan gertatutakoak izango dira, onerako zein txarrerako. Konturatu naiz, gerra zibilari buruz daukagun iritzia topiko batzuen inguruan sinplifikatu dugula. Lan honi

esker jabetu naiz Gerra Zibila ez zela izan guk buruan daukagun irudi hori, eta hemen gertatu ziren gauza askoren gakoa, kanpotik inposatutako gerra izan arren, herrian bertan egondu zela. Lan honekin inor mintzeko beldurrik bai? L.M.Z.: Ez. Pertsonak kontestuaren arabera jokatzen dugu, eta gerra kontestu oso muturrekoa da, inork uste ez duena egiteko gai izaten gara. Bizitu zutenek ere, ziur, eurek uste ez zutizten jokabideak izan zituztela. Nik behintzat, ez nuke eskua sutan jarriko, ez dakidalako horrelako egoera batean nondikan joko nukeen. Gauzak bere ingurumarian ulertu behar dira, eta horregatik esaten dut, orain artean egin dugun irakurketa, topikoetan oinarritutako irakurketa hori, gainditu nahi dugula. Eta hausnartu, Urnieta bezalako herri txiki batean nola iritsi litekeen hain muturreko egoera batera. Nori zuzendutako ikuskizuna dela esango zenuke? L.M.Z.: Ikuskizun hau denentzako da. Bizitu zutenentzako, oroigarri bat izango da. Haien semealabek ezusteko bat baino gehiago jasoko dute, ez zutelako behar adina zuzeneko informazio jaso, hura bizitu zutenek, gerraren inguruan gertatutakoak ixiltasun ohial batekin estali zituztelako. Eta haien bilobek duten irudia errealitatearekin bat ez datorrena da. Gerra zibilaren irakurketa ideologiaren galbaetik pasa delako, eta horrela parte bat ulertzen da, baina, beste hainbat gertakizun ez. Urnietan egon ziren falangista gailego batzuk, eta Asturiasetik etorritako mehatzari batzuk ere, baina, Urnietan borroka egondu zanean, frentearen alde batean zein bestean, gehienetan, euskal herritarrak zeuden. Ikuskizuna Andoainen ere eskainiko da. Urnietarra ez denak erraz ulertzeko modukoa izango da, edo herriko erreferentziak izatea beharrezkoa da? L.M.Z.: Urnietan gertatu zena, neurri batean behintzat, Euskal Herriko toki askotan, eta batez ere, Gipuzkoako hainbat herritan gertatu zenarekin nahiko lotua dago. Emankizun guztian Urnieta hitza ez dute behin ere esaten aktoreek. Nahita egindako zerbait da. Urnietako gertakarietan oinarritutako lana izanagatik Gipuzkoan behintzat edozeini gertukoa egiteko modukoa da. Hirugarren ikuskizuna. Azkenekoa izango al da? L.M.Z.: Duela zazpi urte hasitako ibilbidea da. Oso aberasgarria izan da. Klase, pentsamendu, adin askotako pertsonen artean egindako lana izan da eta gehien aberastu gaituena giza harremanak lantzeko eman digun aukera izan da. Gainera, gauzak uzten direnean, ahal baldin bada behintzat, ondo daudenean utzi behar dira. Gerora ere, Urnietan antzerkia egingo da, baina, formato honi dagokionean, Urnietako historiari errepaso bat eman ondoren, hirugarren obra honekin ziklo bat bukatuko dugu. Egunen batean, batek daki, agian historia garaikideari buruzko zerbait egiteko gogoa piztuko zaigu, baina oraingoz, trilojia osatuta, hasebeteta geratzen gara. Beste batzuk jarraitu nahi badute guk lagunduko diegu.

Vous aimerez peut-être aussi