Vous êtes sur la page 1sur 2

Testigantza:

JUAN MARI ALKORTA

Bi galdera testigantzak bideratzeko:


1) Nola bizi izan duzu gertatu dena.
2) Zer nolako Bizikidetza atsegingo Lasarte-Orian etorkizunean.

1) Nola bizi izan duzu gertatu dena

Juan Mari Alkorta nauzue, 1947an jaioa , Aginagan, amaren baserrian.


Aurreneko 10 urte Orian bizi nintzen eta gero Lasarten, orain arte. Gure
herritarren arteko bizikidetza izan duen eta egun duen egoerari buruz nire
iritzia ematera gonbidatu naute eta hori da egingo dudana.

Nik zortzi-hamar urte besterik ez nituen izango, baina gogoan ditut Oriako
arratsalde hurak gurasoek eta aldamenekoek gure etxean Radio Pirenaika
eta antzekoak sintonizatzen, irrati-kate debekatu horietan entzun
baizitezkeen atzerritik emandako Diktaduraren kontrako aldarrikapenak.

Garai latzak eta isilak dudarik gabe. Nire aita 36ko gudan egona zen, eta
noizbehinka guda horretaz etxean mintzatzen ziren. Alabaina, jasandako
zenbait gertakari larri isilpean mantendu ziguten nere anaia eta bioi.
Adibidez, goi mailako ikasketak hasi arte ez ziguten esan nere amaren anaia
zaharrena Gernikan hil egin zenik 1937an, ezta ere, bere lehengusu bat, 19-
20 urte zituelarik, 1936an etxetik eraman, atxilotu eta Tolosan fusilatu
zutenik, edota nere aitaren ama guda garaian hil egin zenik, bakar bakarrik,
nere aitona eta nere aita kartzelan zeuden bitartean.

Argi dago bada, nahiz eta Diktaduraren kontrako sentimenduek nere etxean
bizirik iraun, ez zigutela gogoa gehegi berotu guda garaiko eta ondoko
gertakizunekin; aldiz, 70. hamarkadan bor-bor zeuden mugimendu
guztietatik gu kanpo mantentzen saiatu zen nere aita, horrelako giroak
gogora baizekarzkion berak sutsu bizitakoak 36ko guda aurretik. Eta ez
zeukan gudaz oroipen ederra, ez horixe! Esaten zuen, guda batean
bidegabekeria asko egiten dira, eta, azken finean, beste guztien gainetik
gogoan geratzen zaizkizunak dira hildakoak, zaurituak eta basakeriak.
Benetan diotsuet, gudak ez du ezer konpontzen. Zuek saia zaitezte
hezkuntza ahal den onena lortzen, horrek bai lagungarri izango zaizuela
mundu hau hobetzeko.

Edonola ere, Franco garaiaren azken astinduak ziren eta zenbait gertakizun
izugarrizko oihartzuna izan zuen gazte guztiongan: ETAk egindako aurreneko
hilketak, Burgoseko epaiketa, Carrero Blancoren atentatua, Gasteizen
Poliziak tiroz hildako langileak, ETAren zatiketa, Berazadi eta Ibarra
enpresarien bahiketak eta hilketak, Juan Paredes Manot Txikiren
fusilamendua, eta abar.
Baina Franco hil ondoren giroa ez zen lasaitu; aldiz, guda zikina areagotu
egin zen. ETAko adar ezberdin guztiek ez ezik, eskuin muturreko talde
parapolizial askok ere (BVE, Triple A, GAL ) hartu zuten parte duela gutxi
arte indarrean mantendu den guda zikin horretan, bahiketak, estorsioak,
mehatxuak, tiroketak, hilketak, torturak eta atxiloketak ia eguneroko berri
bihurtuz. Nik, eta nik bezala askok, nazka-nazka eginda bizi izan ditugu garai
hauek, ez baikenituen onartzen alde batean eta bestean egindako
astakeriak, ez baizihoazkigun gogotik gogor kalte eginik izan diren hainbat
errugabeko jenderen irudiak.

Orain, borroka armatua bukatu eta gero, egoera egokia da gertatu denari
buruz gogoeta sakon bat egiteko. Denok egin beharko dugu gogoeta hori eta
ondoriozko neurriak hartu gure belaunaldiko hainbat gazte erori ziren zulo
beltz berean hurrengokoak eror ez daitezen. Nahiz eta jakin urte askotan
gure gizartearen elkar bizitza pairatu dituen zauriak sendatzea erraza ez
dela izango, helburutzat jotzen dut gure arteko bizikidetza osasuntsua
berreskuratzea, non jokabide arauak ondorengo bi ideia nagusietan izango
luketen zutabe:

a) Bidegabekeria guztiei gizarteak dituen legezko bitarteko guztiekin


egin behar zaie aurre. Epailearen sistemak edota indarrean dagoen
lege arautegiak ez badituzte hiritarren eskubideak era egokian
babesten, gizarteak berak sortu behar ditu tresna demokratikoak hori
zuzentzeko. Edozein kasutan, errudunek ondoriozko zigorra jaso behar
dute, eta, nahiz eta berandu izan, injustiziak jasan dituztenek jakin
behar dute gizartearen babesa daukatela. Justizia denontzat berdina
izan behar du eta hori bermatu behar du gizarte sendo batek.

b) Nahiz eta askotan berezkoak ditugun eskubideak urratuak izan,


norberak zigorrak ezartzea ez da bidezkoa; are gutxiago borroka
armatuan aritzea non, helburu bidezkoak lortzea aitzaki, edozein
pertsonaren oinarrizko eskubideak urratzen diren. Horrela ez da ezer
konpontzen. Indarkeriaz baliatu ordez erresistentzia demokratikoa
erabili eta konponbide demokratikoa bilatzen saiatu behar gara, hori
lortzea batzutan ezinezkoa dirudien arren. Azken finean, hobe biktima
izanik justiziaren bila bizi, errugabe bati konponezinezko min egitea
baino.

Azkenik, esan nahi dut herritarren artean dauden zauriak isten saiatzeko,
elkarrekin hitz egitea beharrezkoa dela. Animatzen zaituztet bada, zuek ere
zuen iritzia ematera. Ea horrela, bizikidetza osasuntsu batera iristen garen
eta gure herrirako etorkizun itsaropentsuagoa lortzen dugun.

Vous aimerez peut-être aussi